POESIA UNEAK 2014 Mikelazulo Kultur Elkartean

Iñigo Astiz eta Mikel Ayerberen HONDAKINDEGIAN errezitaldia maiatzaren 24an (larunbata) izango da , 19:30etan  mikelazulon
Hondakindegia: poesia emanaldi EZ musikatua” titulu hori jarri diote Iñigo Astizek eta Mikel Ayerbek emanaldiari, eta tituluak berak iradokitzen duenez, bertan egongo da umorearentzat lekurik ere. Baita hondakinak ere poesia liburua du oinarri proiektu honek, egileek honela aurkeztu dute proiektua:
Fernando Pessoarena da hipotesia: “Lur guztia hozkatu/ eta ahosabaian sentitu ahalko banu,/ zoriontsuagoa nintzateke une batez”. Eta hark hipotesi gisa planteatutakoa, esperimentu gisa gauzatu dugu guk: “Lur pixka bat hartu dut etxeko baratzetik/ eta harrixkak baztertuta ahoratu gero”. Lerro horrekin hasten da Iñigo Astiz-en Baita hondakinak ere liburua (2012, Susa). Eta esperimentu ber horrekin abiatzen da Hondakindegia ikuskizuna ere. Gonbite gastronomiko moduko horrekin (Guri ere KRA egin zitzaigukean, baina hortzetan).
Mikel Ayerbe eta Iñigo Astizek eszenarako birziklatu dituzte orain poemak. Poesia emanaldi bat prestatu dute horretarako. Poesia emanaldi EZ musikatua, zehazki. Liburuan bezala, nahasian joango dira hitzak eta ekintzak oholtza gainean ere. Nahasian etxekoa eta kalekoa. Sukaldeko solasaldiak eta manifestazioetako aldarrikapenak. Pribatua eta publikoa. Gastronomia eta lorezaintza.
Musikaren laguntzarik gabe, antzerkiaren, poesiaren eta bideoen bitartez ikus-entzunezko hibrido bat osatu dute Ayerbek eta Astizek. Loratze poetikorik gabea, eta lurra oinarri harturik. Beren gorputz eta ahotsekin eramango dute ikuskizuna lehen koskatik azken koskara. Etxeko lorategian ur pixka bat ahoratzetik, Euskal Herriari egindako aitorpen pertsonal-politiko batera. Asier Goikoleak egin ditu bideoak, eta Alaitz Alberdik egindakoa da kartela.
Poesia hilda dagoela esaten digute, eta egia izango da akaso, baina guri balio digu. Baita hilda ere. Gottfried Benn poetak esaten zuenez ez baita beste aukerarik. “Estatuak maite dituenak/ maitye behar ditu hondakinak ere”.
2012an plazaratu zen Baita hondakinak ere liburua. Liburu berri ororen aurkezpen-promozio garai “naturala” urrun da beraz, Astizek berak esan digunez “Ez da liburua promozionatzeko egindako saio bat. Beste gogo batek piztu du. Eta beste denbora bat izan du”.
-"Aspaldi" atera zen liburua, nolatan "orain" emanaldi hau?
Mazeratzen eduki dugu. 2012ko apirilean atera zen liburua, eta ekainean Arrasaten Mikel Aierbek gidatzen zuen Arrasateko irakurle klubean izan nintzen. Han komentatu zidan berak oholtzan ikusten zituela poemak, eta nik aitortu nion nik ere eman niola buelta pare bat ideiari. Hasi ginen horri buruz hizketan, eta joan ginen berotzen. Oholtzara eramaten bagenuen berak lurra jango zuela esan zidan. Eta nik erantzun nion lurra jaten bazuen oholtzara eramango genuela. Eta, beraz, bada oholtzara eraman dugu. Noski, denbora pasa da ordutik, eta niri gustatzen zait hori. Ez da liburua promozionatzeko egindako saio bat. Beste gogo batek piztu du. Eta beste denbora bat izan du. Gogo horrek forma hartzeko denbora behar izan du. Ideia asko sortu dira oholtzarako salto hori egiteari buruz, eta denboraren presarik gabe jokatuz, asko bere kasa erortzen utzi ditugu, eta beste batzuk mantendu egin dira. Nahi genuena nahi genuenean egiteko askatasunez aritu ahal izan dugu, eta mazeratzen eduki dugu kontua horregatik. Lasai.
-Poesia, antzerki ukitua... performancea da "Hondakindegia"?
Ez nuke esango performancea denik. Akzioak egiten ditugu oholtzan, baina egitura orokorrago baten barruan kokatuta. Antzerkia denik ere ez nuke esango, ez baitugu inoren paperik jokatzen. Errezitaldi bat da emanaldia, funtsean, baina gorputzei leku eginez. Oholtzan lurra jaten dugu, lurrean etzaten gara, gauzak mugitzen ditugu... Ez dakit zer den egia esan. Errezitaldi bat bai, poemak irakurtzen ditugulako, liburua eskutan dugula (gehienetan), baina gero gorputzekin egiten duguna ez dakit zer den. Gauzak egiten ditugu gorputzekin. Ez dakit horrek balioko duen zer egiten dugun ulertzeko, baina hori egiten dugu jiji.
-Umoreari bide emango diozue?
Bai! Egia esan, nahiko larria gelditu zaigu emanaldiaren tonu orokorra. Inpresio horrekin bukatu genituen entseguak. Presentzia handia du heriotzaren gaiak, adibidez, baina testuek maiz badute ironia puntu bat. Poemek badute ukitu jostari bat. Eta ukitu hori mantendu egin dugu oholtzan baita gai larriez aritzean ere. Bideoetan ere ironia hori mantendu dugu. Eskaini ditugun saioetan jendeak irri egin du. Beraz, umorea badago. Irri-irri egin du. Hau da, irriak entzun egiten dira. Horrek balio dezake garantia bezala agian? “Poesia errezitaldi honek X jenderen irriaren garantia du”.

Koldo Izagirrek poesia errezitaldia eskainiko du. Urtarrilaren 16an 19:00etan.2014

 Mikelazulo kultur elkarteak Errenteria/Oreretan:

Bi literatur saio antolatu dituzte Literatura Eskolak eta Mikelazulo kultur elkarteak Errenteria/Oreretan:

-Koldo Izagirrek Parisen bizi naiz (Susa, 2013) liburuan oinarritutako poesia errezitaldia eskainiko du. Urtarrilaren 16an 19:00etan.

-Literatura Eskolako saioa: Markos Zapiainek “Ramon Saizarbitoria eta iragana” izeneko mintzaldia eskainiko du. Urtarrilaren 18an, ordutegia: 10:00etatik 14:00etara.

Parte hartzea irekia izango da, egunean bertan eman daiteke izena. Sinbolikoki 10 euro ordaintzen dira saio bakoitzeko, 20 ikasturte osoagatik (irailetik ekainera hilean behin saio bat).

Informazio gehiago:


http://www.literaturaeskola.org/
http://www.mikelazulo.com/

mikelazulo@hotmail.com
943 517002 / 679977276