URTARRILAK 22an zazpiretan mikelazulo elkartean 2015


 MEMORIA
memoria zer den ez dakit
sikiera gorputz atala edo gaixotasuna balitz
agian asmatuko nuke deskribatzen
ezaugarriak sintomak neurriak
lot balekioke urtaro edo sasoi bati
epe mugaren bat jarriko nioke

baina memoriak
uste dut lekukoak etsaiak
lagunak eskatzen dituela

elkar hartzea
bat etortzea nolabait...
nago memoria dela
nahitaez bihotzerreaz irensteko zerbait

 ez nuke neuretzako nahi

memoriaren amil-izura kondenatutako herririk...
ni noan herrian
gauzak berez konplikatzen dira
nahigabe bezala

ez dago enkontru errazik
festa arinik ez da
hitz larria sobera eta igurtzi gutxi
lana suelto banatzen da baina ez irabazirik

 ni noan herrian

erruz galdu da denbora
eta urte galduen jarioa ez du atertu oraindik:
makurra izan den denbora
bihur ote liteke denbora oparoa
eta hautsitako denbora bat inoiz berregin...

etortzekoa den aldi berri hori
iritsiko dela berma dezake inork
eta ziurtatu denok aurkituko gaituela onik

galtzailerik gabeko herri bat
gauza konplikatua da
eta irabazlerik gabekoak
are konplikatuago dirudi

ni noan herrian bere denboraren xerka
dabil jendea
eta denbora horrek beharko ditu atariak
kaleak fabrikak...
eta denboratik kanpora ezin da inor laga
denbora eta bere zuloak
denbora eta bere leihoak
denboratik kanpo ezin da inor laga
bihotzak orduan jarri eta kontaketari lotu

eta konta ahala konta
behar beste bider hasi berriz
memoria zer den ez dakit
baina gauza konplikatua dela seguru
memoria zer den xuxen ez dakit
memoria oroitzea baino gehiago da
memoria ez da orri zuri bat
ez da mendi elurtua etorkin abandonatuen
oin arrastoen esperoan
uste dut memoria akordatzea dela
eta ados jartzea ere bai
akordatuko al gara gertatu direnekin
akordatuko al gara gertatzen ari direnekin
akordatuko al gara gertatzeko daudenekin...
eta akordatzez gero
ehuneko zenbatean
eta zeinekin...

 memoria akordatzea bada

ni herrira noa
baina badiot beldurra
hainbat hitzorduri
hainbat ispiluren islari
hainbat ispilu isili...

memoria akordatzea bada
memoria iratzartzea da
baina ez dakigu
ez non ez noiz ez nola oraindik
memoria akordatzea da
baina noizbait esnatuko al gara

eta nora esnatu

eta norekin...


beldurra diot memoriaren epaiari:
eta ezartzen digun kondena
berriro inon ez den herri bat osatzea balitz
nola egingo dugu
zein bidetatik...

No hay comentarios:

Publicar un comentario