XI. POESIAREN ASTEA ‘Poesiaren ibilbideak’

XI. POESIAREN ASTEA
‘Poesiaren ibilbideak’
MIKELAZULO KULTUR ELKARTEA

Egitaraua:

Maiatzak 26, 20:00:
‘Huntza hezur berritan’ musipoema emanaldia. Hitzak Juan Ramon Makuso, biolina Jon Makuso.

Maiatzak 27, 20:30:
‘Duintasunaren eta askatasunaren koloreak’, herrialde arabiarretako poesian oinarritutako errezitaldia.Donostiako Bulebarrean 21,30etan(akampadan)

Maiatzak 28:
18:00etan 'Igo gora' errezitaldia: Marco Bianchi (soinuak, ehundurak), Manex Agirre (ahotsa) eta Jon Aranburu (gitarra, zaratak, ahotsa).
20:00etan ‘Bustilehorreko poemak (itsasoa eta jendea)’ errezitaldia: Jose Luis Otamendiren hitzak, Juan Azpillagaren musika.

Maiatzak 29, 10:30:
‘Poesiaren ibilbideak’ gosari-solasaldia, hiru gonbidaturekin: Imanol Epelde, Ixiar Rozas eta hirugarren bat.
Bazkari herrikoia Txintxarri elkartean (izena emateko: mikelazulo@hotmail.com)
17:00etan errezitaldi kolektiboa, Oihana Leundak egindako iruditik abiatuta. Parte hartzea irekia izango da eta Poesiaren Astean aurreko hamar urteetan parte hartu duen jendea ere gonbidatuko dugu parte hartzera.

Ekainak 2, 20:00:
‘Bulkada’ liburuan oinarritutako errezitaldia, Jon Benitoren eskutik.

*Bazkaria izan ezik, ekitaldi guztiak Mikelazulon izango dira.
** Kartela: Oihana Leunda.


“Hamar urteko ibilbidearen ostean gogoetarako erabiliko dugu XI. Poesiaren Astea Mikelazulon. Hamar urte hauetan poesiari loturiko argitalpen, erakusketa eta emanaldi ugari ezagutu dugu. Aste osoko egitarauak prestatu arren sarritan geratu izan gara esku artera iristen zitzaizkigun proposamen guztiak ekitaldien zerrendan sartu ezinik. Poesia gutxiengo batek jarraitzen omen duen literatur generoa izanik, nola uler tamainako mugimendua? Poesiak dituen berezko ezaugarriek erraztu dezakete publikoarekiko harremana eta beste diziplina artistiko batzuekin egiten ahal den elkarlana? Poesiaren Aste honetan atzera begiratuko dugu aurrerako grinaz, eta galdera horien inguruan mugituko gara parte hartzaileen laguntzarekin: emanaldien ostean solasaldi laburrak egingo dira ikusi berri diren errezitaldiei buruz, gogoetarako tartea zabalduko da igande goizeko gosari-solasaldian”.


INFORMAZIO GEHIAGO (osatzeke):

HUNTZA HEZUR BERRITAN

Huntza, landare apala da; paretak eta beste euskarriak behar ditu garatzeko, bere ibilbidea egiteko. Ni, gizaki bezala, bidea egiten ari naiz, egunero goizeko argiarekin batera.
Ez dut sinesten esaten denean, poesia agortua dagoenik, agian hori esaten duenak, bera da, agortua dagoena. Gizakiaren ahalmena hor dago, giza baldintza hori baita, beti egon behar dugu gure izpiritua lantzen, argitzen.
Gogoratzen dut nire haurtzaroan, Errenterian saiatzen ginen trolebusa bi pisutakoa hartzen. Goiko solairu horretatik, nire begirada iruditzen zitzaidan, argiagoa zela. Eta gogoratzen dut Donostiarako bidean, Mirakruz gainera heltzen ginenean, nola ezkerretako etxean huntzak paretetako bidea egiten zuen, bere leihoak eta alboan zegoen begia, inguratuz. Hori niretzat liluragarria zen. Nire ibilbidean hori saiatzen naiz egiten, begiratu eta hedatu nire sorkuntza, hezur berritan nahiko nuke egotea.
Ume harren begirada gosetia, huntzak duen ibiltzeko nahia, ez dut agortzea nahi, hori agortuko da hezurrak agortzen direnean. Gizakiaren begirada ez da itzaletan geratu behar, itzalak nire begirada itzali egiten baitu.


DUINTASUNAREN ETA ASKATASUNAREN KOLOREAK
2011 urtea, urte gogoangarria izango da, giza duintasunaren eta askatasunaren historian. Herrialde arabiarretan, mendebaldeko potentziek babesturiko eta elikaturiko diktaduren aurka altxatu dira milioika herritar. Tunisia, Egipto, Barhein, Libia, Yemen, Siria, Irak, Palestina, Maroko, Argelia... Bidegabekeriaren erreinuari amaiera emateko eginkizuna hartu dute bere gain. Milioika pertsonen ekintza politiko poetikoak, ekintza sortzaileak, Tunezko kashban edo Al Caira-ko Tharir plazan bildurik, marrazten ditu benetako demokraziaren lerroak, askatasunaren bizipenak. Ez Obamak (hipokrita, inbasore eta izuaren agintaria) eta ez Osamak (terrorista, teokratiko eta tiranoa) ez dute askatasunaren eta duintasunaren bidea ireki, milioika herritarrek baizik.
Bat batean, beldurra gainditurik, ordena politikoa eta aurreiritzi manipulatuak pitzatu dira eta munduko boteretsuenen zitalkeria agerian jarri da eta boteretsuak dira beldurra eta nora eza ezagutu dutenak. Eremu idorra zirudiena bizitasun eta askatasun haizez ernaldua ageri zaigu. Kapitalaren fundamentalismoaren eta fundamentalismo islamikoaren artean irteerarik gabeko sufrimendu etengabea zirudiena, duintasunaren eta askatasunaren kolorez janzten hasi da. Tiranoak banan bana historiaren kanposantura bidaliz, herriaren zerbitzurako herriak sorturiko benetako demokraziaren garaia irekitzen saiatzen ari dira. Inork ez daki nola joango den geroa, baina 2011ko lehen hilabeteetan, mundu osoarentzat, esperantzari arnas erraldoia eman diote.
Aurtengo otsailean, arabiar herrietako egunsentiaren hastapenetan, agiri bat kaleratu zen eta interneten bidez zabaldu. “Demokraziaren aldeko intelektual arabiarren Agiria”. Lehen sinatzaileak 64 ziren. Idazleak, pintoreak, poetak, historialarik, zinegileak, kazetariak, antzerkilariak, eskultoreak, unibertsitate irakasleak…

No hay comentarios:

Publicar un comentario