Iñigo Astiz eta Mikel Ayerberen HONDAKINDEGIAN errezitaldia maiatzaren 24an (larunbata) izango da , 19:30etan mikelazulon

“Fernando
Pessoarena da hipotesia: “Lur guztia hozkatu/ eta ahosabaian sentitu
ahalko banu,/ zoriontsuagoa nintzateke une batez”. Eta hark hipotesi
gisa planteatutakoa, esperimentu gisa gauzatu dugu guk: “Lur pixka bat
hartu dut etxeko baratzetik/ eta harrixkak baztertuta ahoratu gero”.
Lerro horrekin hasten da Iñigo Astiz-en Baita hondakinak ere liburua
(2012, Susa). Eta esperimentu ber horrekin abiatzen da Hondakindegia
ikuskizuna ere. Gonbite gastronomiko moduko horrekin (Guri ere KRA egin
zitzaigukean, baina hortzetan).
Mikel
Ayerbe eta Iñigo Astizek eszenarako birziklatu dituzte orain poemak.
Poesia emanaldi bat prestatu dute horretarako. Poesia emanaldi EZ
musikatua, zehazki. Liburuan bezala, nahasian joango dira hitzak eta
ekintzak oholtza gainean ere. Nahasian etxekoa eta kalekoa. Sukaldeko
solasaldiak eta manifestazioetako aldarrikapenak. Pribatua eta publikoa.
Gastronomia eta lorezaintza.
Musikaren
laguntzarik gabe, antzerkiaren, poesiaren eta bideoen bitartez
ikus-entzunezko hibrido bat osatu dute Ayerbek eta Astizek. Loratze
poetikorik gabea, eta lurra oinarri harturik. Beren gorputz eta
ahotsekin eramango dute ikuskizuna lehen koskatik azken koskara. Etxeko
lorategian ur pixka bat ahoratzetik, Euskal Herriari egindako aitorpen
pertsonal-politiko batera. Asier Goikoleak egin ditu bideoak, eta Alaitz
Alberdik egindakoa da kartela.
Poesia
hilda dagoela esaten digute, eta egia izango da akaso, baina guri balio
digu. Baita hilda ere. Gottfried Benn poetak esaten zuenez ez baita
beste aukerarik. “Estatuak maite dituenak/ maitye behar ditu hondakinak
ere”.
2012an plazaratu zen Baita hondakinak ere
liburua. Liburu berri ororen aurkezpen-promozio garai “naturala” urrun
da beraz, Astizek berak esan digunez “Ez da liburua promozionatzeko
egindako saio bat. Beste gogo batek piztu du. Eta beste denbora bat izan
du”.
-"Aspaldi" atera zen liburua, nolatan "orain" emanaldi hau?
Mazeratzen
eduki dugu. 2012ko apirilean atera zen liburua, eta ekainean Arrasaten
Mikel Aierbek gidatzen zuen Arrasateko irakurle klubean izan nintzen.
Han komentatu zidan berak oholtzan ikusten zituela poemak, eta nik
aitortu nion nik ere eman niola buelta pare bat ideiari. Hasi ginen
horri buruz hizketan, eta joan ginen berotzen. Oholtzara eramaten
bagenuen berak lurra jango zuela esan zidan. Eta nik erantzun nion lurra
jaten bazuen oholtzara eramango genuela. Eta, beraz, bada oholtzara
eraman dugu. Noski, denbora pasa da ordutik, eta niri gustatzen zait
hori. Ez da liburua promozionatzeko egindako saio bat. Beste gogo batek
piztu du. Eta beste denbora bat izan du. Gogo horrek forma hartzeko
denbora behar izan du. Ideia asko sortu dira oholtzarako salto hori
egiteari buruz, eta denboraren presarik gabe jokatuz, asko bere kasa
erortzen utzi ditugu, eta beste batzuk mantendu egin dira. Nahi genuena
nahi genuenean egiteko askatasunez aritu ahal izan dugu, eta mazeratzen
eduki dugu kontua horregatik. Lasai.
-Poesia, antzerki ukitua... performancea da "Hondakindegia"?
Ez
nuke esango performancea denik. Akzioak egiten ditugu oholtzan, baina
egitura orokorrago baten barruan kokatuta. Antzerkia denik ere ez nuke
esango, ez baitugu inoren paperik jokatzen. Errezitaldi bat da
emanaldia, funtsean, baina gorputzei leku eginez. Oholtzan lurra jaten
dugu, lurrean etzaten gara, gauzak mugitzen ditugu... Ez dakit zer den
egia esan. Errezitaldi bat bai, poemak irakurtzen ditugulako, liburua
eskutan dugula (gehienetan), baina gero gorputzekin egiten duguna ez
dakit zer den. Gauzak egiten ditugu gorputzekin. Ez dakit horrek balioko
duen zer egiten dugun ulertzeko, baina hori egiten dugu jiji.
-Umoreari bide emango diozue?
Bai!
Egia esan, nahiko larria gelditu zaigu emanaldiaren tonu orokorra.
Inpresio horrekin bukatu genituen entseguak. Presentzia handia du
heriotzaren gaiak, adibidez, baina testuek maiz badute ironia puntu bat.
Poemek badute ukitu jostari bat. Eta ukitu hori mantendu egin dugu
oholtzan baita gai larriez aritzean ere. Bideoetan ere ironia hori
mantendu dugu. Eskaini ditugun saioetan jendeak irri egin du. Beraz,
umorea badago. Irri-irri egin du. Hau da, irriak entzun egiten dira.
Horrek balio dezake garantia bezala agian? “Poesia errezitaldi honek X
jenderen irriaren garantia du”.